2016(e)ko abuztuaren 31(a), asteazkena

PRAGAKO FOLKLORE JAIALDIA

PRAGAKO FOLKLORE JAIALDIRAKO BIDAIA 2016

Aurreko urtean egin bezala autengo udan ere atzerrira bidaia egiteko aukera izan dute Haurtzaro Dantza Taldeko dantzari zaharrenek. Talde Laranja, Berdea, Udareen Taldea eta aurreko urteko Talde Morea izan ziren Txekiar Errepublikako hiriburuan ospatu zen Folklore Jaialdian.

Autobusez egindako bidai luzea ondoren uztailaren 28 arratsaldean iritsi ginen Pragara eta Hoteletik pasatu baino lehen Moldava ibaian barrena barkuan ibiltzeko aukera eduki genuen eta hala, hiriaren lehen irudia egin genuen. Bertan genuen noski, Eva, gure jaialdiko gida nagusia eta ez ziren hiriari buruzko informazio garrantzitsuenak falta izan. Bueltatxoa ondoren Hotelera itzuli eta afaldu aurretik hurrengo egunean Gazteluaren Plazan eskaini behar genuen emanaldia entseatu genuen Hotelaren aurreko plazatxoan.



Hurrengo egunean goiz xamar mugitu ginen denok, 10:30etarako Gaztelu Plazan egin behar genuen emanaldiak hasia behar zuenez, denboraz ibili nahi baikenuen. Ikaragarri ongi aritu ziren dantzariak, eszenatokian dantzatzeaz gain, plazan ere dantzatu genuen eta ikusle mordoa hurbildu zen Euskal Dantzen nondik norakoa ezagutzera. Emanaldia bukatu berritan, arropaz aldatu eta Eva, gure gida txekiarra jarraituz, Pragako hainbat toki bisitatu genituen: Katedrala, Parte Zaharreko kale eta plaza ugari... Horrez gain, arratsaldean Pragako Udaletxean ongi etorria egin ziguten Pragako Kultura zinegotziak eta Jaialdiko antolatzaile nagusiak. Oparien trukaketa ordua ere izan zen, eta jaialdiko pinak jaso ondoren antolatzaileei Dantza Taldeko motxila, Oiartzungo informazioa eta txapela bana eman genien. Egun paregabeari amaiera eman aurretik, nola ez, hurrengo eguneko entsegua egin genuen berriz ere, afaldu aurretik.




Uztailaren 30ean, bi gauza egin behar zituen dantza taldeak. Lehenik eta behin, goizean, kalejiran desfilatu beharra zeukan eta bigarrenez, arratsaldean, Rudolfinum parean bigarren emanaldia aurkeztu beharra zuen. Horretarako ez zegoen goiz jaiki eta prestatzea beste aukerarik! 9:30etarako Parte Zaharrera joan ginen desfilean gure tokia hartzera, alabaina, kalejira aurretik zenbait plaza dantza egiteko aukera ere izan genuen! Horren ondoren, kalejira luzea egin genun Pragako kaleetan barrena beste 62 Dantza Talderekin batera. Ederki asko pasatu zuten gure dantzariek!




Arratsaldean bazkalosteko 15:30etan hurbildu ginen gure bigarren eszenatokira eta eslaviarren ondotik ordu erdiko emanaldi txukuna egin zuten gure dantzariek. Ikusle mordoa hurbilarazteaz gain, txalo andana jaso genituen, batik bat, Banakoko dantzan, hogeitahamabi dantzari elkarrekin taula gainean halako dantza ikusgarria egiterakoan! Emanaldiaren amaieran txalo eta animo ohiu ugari aditu ziren, eta jaialdiko antolatzaileek ere zoriondu gintuzten halako emanaldi txukun eta ederra egiteagatik. Ez ziren aspaldian halako pozak sentitu gure artean. Jaialdiari amaiera bikaina emateko, Dantza Talde guztiak elkarrekin ospatzeko afaria izan genuen jatetxe berezi batean.




Dudarik ez dago, behintzat uste baino handiagoa eta ederragoa izan zela 2016ko uztailean Pragako Folklore Jaialdian parte hartzeko egindako bidaia. Hurrengo egunean goizean goiz hiriburutik irten eta abuztuan baterako, Xanisteban bezperarako, etxean ginen denak esperientzi berri eta guztiz gogoangarriarekin.




Eskerrik asko bidaia aurrera atera dadin lagundu duzuen guztiei, eta batik bat, urte guztian zehar Haurtzaro Dantza Taldeak martxan jarraitu dezan lan egiten duen guraso taldeko amei!

Eta nola ez, ZORIONAK, Dantza Taldean ditugun horren dantzari onei! Aupa neska-mutilak! Aupa Haurtzaro Dantza Taldea!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina