HISTORIA

Haurtzaro Dantza Taldea orain dela 30 bat urte sortu zen. Aurretik Jon Oñatibiak prestatzen zituen haur batzuk ikastolan, baina ez zegoen gauza askorik arlo horretan, nahiz eta, Martxel Ansak fandango eta arin arina ikasteko ere zenbait haur prestatzen zituen 1982-1983 ikasturtetik. Juanito Santxiz ere aritu zen lan horretan. Euskal Dantzen arloan gauza sendoa egin asmoz eta arin-arin eta fandangoaz gain beste zenbait dantza ikasi asmoz, Hernanitik Sarriegi dantzaria ekarri zen ikastolako haurrak dantzan prestatzeko. Garai hartan haur mordoa ibiltzen zenez gero, berehala Maixabel Oroz lezoarra deitu zen eta 1989tik irakasle lanetan aritu zen 18 bat urtez.

Guraso talde bat, taldeari forma eman nahian hutsetik hasi zen arropa, materiala... eskuratzen. Gainera, zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, haur guztiak denak batera astean bitan bildu beharrean, adinka eta taldeka biltzen hasi ziren, horrela, entseguek kalitate hobea izan zezaten.

Hasierako urteetan, bestalde, garrantzitsua eta beharrezko izan Lezoko Murixka Dantza Taldearekin izandako harremana ere. Izan ere, emanaldietarako materiala eta arropa uzteaz gain, mutilak ere uzten baitzizkion Haurtzaro Dantza Taldeari.



78, 79, 80 eta 81eko hamarkadan jaiotakoak izan ziren lehenak EDBk (Euskal Dantzarien Biltzarrak) antolatzen zituen interreskolarretan parte hartzen, hots, taldekako dantza txapelketetan parte hartzen. Izan ere, Haurtzaro Dantza Taldearen helburua dantza tradizionalak ikasi eta ikasitakoa kalera ateratzea zen. Urte hauetako batean, gainera, lehenengo saria lortu zuen taldeak.

Beste herrietako dantza taldeek egiten zituzten saioak ikusiz, Oiartzunen zer sor zitekeen aztertzen hasi ziren Kontxi Arruabarrena eta Maite Gezala eta horrela hasi zen dantza taldea Iñauterietan, San Juanetan, auzoko festetan… parte hartzen.

Urteak aurrera joan ahala, Sabin Lasa errenteriarra, Aritz Salamanca lezoarra… aritu dira mutilen irakasle. Eta nesken arloan, Maixabelez gain, Haurtzaro Dantza Taldean ikasitako hainbat dantzari: Alaitz Bergaretxe, Garbiñe Sanroman, Lorena Zalakain, Olatz Mitxelena eta Garazi Aramendi, besteak beste.

Dantza Taldeak urteen joanean hartutako sendotasuna zela medio, herriko hainbat ekitalditan gero eta gehiago parte hartzen hasi zen; Xanistebanetako hainbat ekitalditan soka-dantzan eta baita Zaharren Egoitzan ere, Ihotetan, auzoko festetan, dantzari txiki egunean, Txerri Egunean, San Juanetan, Inude eta Artzainetan, ikasturte amaierako emanaldietan eta baita herriz kanpoko txapelketetan (Soinu zahar eta Aurresku txapelketetan), beste herrietako dantzari txikietan… ere. Ekitaldi guzti hauetan eta urte luzeetan zeharreko ibilbidean, bidelagun izan genituen Lartaun Txistulari Taldeko txistulariak ere.




Herriko ekitaldiez gain, 90. hamarkadan Oiartzunek Bretainiako Karaez herriarekin egin zuen herri-harremana zela eta, Haurtzaro Dantza Taldeko dantzariak Karaezeraino joan ziren bertakoei euskal dantzak zer ziren eta nola dantzatzen genituen erakustera.

Urte batzuetara, 2010ean zehatz mehatz, taldeak hartutako kalitatea zela eta Kataluniako Cantonigros herriko Musika festibal internazionalean parte hartu zuen, Kolonbia, Korea, Txina, Filipinak, Errusia, Ukrainia, Mexiko, Taiwan eta Venzuela bezalako herrietako taldeekin batera. Handik bi urtetara, 2012ko uztailan, penintsulatik kanpo Mazedoniako folklore jaialdian parte hartzea ere lortu zuen.

Dantza taldeak egindako azken ekarpen nabarmena 2013. urteko apirilean antolatutako Dantzari Txiki eguna izan zen. Halako arrakasta izan zuen, hurrengo urteetan berriz ere egitea erabaki baitzen.








Urte guzti hauetan lanean aritu ziren dantza-irakasleen zerrenda luzea duzue jarraian:

                Jon Oñatibia
                Martxel Ansa
                Juanito Santxiz
        Carlos Sarriegi
                Maixabel Oroz
                Sabin Lasa
                Oroitz Saldias
                Garbiñe Sanroma
                Lorena Zalakain
                Alaitz Bergaretxe
                Aritz Salamanca
                Lurdes Esnaola
                Garazi Lekuona
                 Aritz Olaziregi
                Aintzane Irastorza
                Olatz Mitxelena
                Xuban Iragorri
                Imanol Etxebeste
                Garazi Aramendi
                Edorta Fernandez
                Eñaut Fernandez
                Eneritz Toledo
                Iraia Moreno
                Mikel Urdanpilleta
                Iker Sanz
                Ekain Susperregi
                Enara Mugarza
                Eneko Iparragirre








ITURRIA: Haurtzaro Ikastolako Txinpart aldizkariak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina