Atzo egin genuen bi urtetik behin antolatzen den Haurtzaro Dantza Taldearen Emanaldia. Egun guztiko egitaraua izan genuen Dantza Taldeko partaideok. Izan ere, goizeko 10:00etan hasi genituen Entsegu Orokorrak eszenatokian berean eta musikariekin batera. Sartu-irteera guztiak ere egin genituen eta arratsalderako dantza bakoitzaren posizioak kokatu genituen.
Arratsaldean, 16:30etan geratu ginen berriz ere, dantzari guztiak txukun txukun jantzi, azkeneko entsegu txikiak egin eta painulu guztiak jartzeko. 18:00etan hasi genuen emanaldia eta ordu eta erdi inguruko dantza saio dotore eta alaia eskaini genuen, dantzari guztion artean. Aurten taldea 6 eta 16 urte arteko dantzariek osatu baldin badute ere, 2014eko irailera arte Haurtzaro Dantza Taldeko partaide izan ziren dantzari zaharrenek ere parte hartu zuten azkeneko aldiz Haurtzaro Dantza Taldearen emanaldi honetan.
Ekitaldi esanguratsu hau eder izan zedin lagundu duten guztiei; eszenatokiaren apainketa-lanetan aritu diren guraso guztiei, eszenatokiaren muntaketan lagundu duten gurasoei, emanaldian lagundu duten gurasoei, arropak banatu eta antolatzen lagundu duten gurasoei, argazkigintzan aritu diren lagunei, emanaldia grabatu dutenei eta urte guztian lanean aritu diren gurasoei, eskerrik asko.
Eta eskerrik beroenak, baita ere, emanaldiko dantzak dantzagarri egin dituzten bi soinujoleei, dultzainajoleei eta emanaldi erdiko baino gehiagoko dantzen musikak jo dituzten Lartaun Txistulari Taldeko txistulariei.
Amaitzeko, ZORIONAK, Haurtzaro Dantza Taldeko dantzari guzti guztiei ikasturte guztian egindako lanagatik eta ikasitako guztia horren txukun plazarazteagatik. Bejondeizuela!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina