2015(e)ko irailaren 16(a), asteazkena

KATALUNIAKO BIDAIA 2015:

Aurtengo ikasturtea hasi baino lehen aurreko urteari amaiera bikaina emateko Katalunian izan da Haurtzaro Dantza Taldea. Irailaren 10etik 13ra bitartean izan genuen Kataluniako L´Arboç eta Banyeres del Penedés herrietan, batetik eta Bartzelonan, bestetik, izateko aukera eta ongi baino hobeto aprobetxatu genituen lau egunak gure dantzak eta gure musika kataluniarrei erakusteko.

Bidaia punta puntakoa izan zedin, Haurtzaro Dantza Taldeko nesken Talde Morea eta mutilen Udareen Taldea joan ziren bidaian eta euskal giro aparta sortzeko, lagun egin ziguten hiru txistularirekin, Emarri Taldearekin eta beste hainbat oiartzuarrekin elkartu ginen.

Irailaren 10ean, goizeko 9:30etan irten ginen Ikastolako aparkalekutik eta autobuseko bidaia xamurraren ondoren arratsaldeko 16:00etan iritsi ginen L´Arboçera. Ez genuen denbora luzeegia izan lasai egoteko, iritsi bezain pronto ilunarreko emanaldiko entsegua egin behar izan baikenuen. Entsegua bukatu eta jantzi, materiala prestatu eta moño eta zapiak jartzeari ekin genion eta segidan L´Arboçeko erbilera anitzeko antzokian emanaldiari hasiera eman genion 20:45 inguruan. 45 minutu inguruko emanaldia eskaini zuten gure neska-mutilek eta zer esanik ez, L´Arboçtarrei asko gustatu zitzaiela! Emanaldia bukatu ondoren dutxatu material eta arropa guztiak lotarako prestatu ziguten kiroldegian utzi eta afaltzera itzuli ginen antzokira. Butifarrada aski goxoa eman ziguten gure lagunek. Afalondoan, parranda pixka bat egin ondoren lotara joan ginen, hurrengo egunerako deskantsatzeko.

Irailaren 11ean, ostiralean, Kataluniako Egun Nazionala ospatu zen Kataluniako hiriburua den Bartzelonan eta zenbait oiartzuarrek eta Haurtzaro Dantza Taldeak ere, bertan parte hartzeko pribilegioa izan zuen. Goizeko 11:00ak aldera irten ginen L´Arboçetik Bartzelonarantz. Eguerdi aldera iritsi ginenez gero, bazkaldu eta lehenik, emanaldi txiki bat egin genuen Diada egingo zen kale ondoko plaza batean. Ikusle mordoa egon zen bertan eta aski ongi erakutsi zituzten gure dantzariek gure euskal dantzak. 













15:00etarako gure Diadako zatira joan ginen, 81.kmra eta 17:00ak bitartean inguruko kataluniarrak ezagutzeaz gain eta momentu batetik bestera eraikitzen zituzten Castellersez gozatzeaz gain, gure hainbat dantza ere dantzatu ahal izan genituen. Ez dugu ahaztu behar, Kataluniarrek Bartzelonan oso ongi hartu gintuztela eta asko eta maiz txalotu eta animatu gintuztela, nola ez bada gure dantzak eskaini! 17:14ean Diadako momentu garrantzitsuena hasi zen "Via lliure a la Republica Catalana" lelopean, errepublika kataluniar baterantz ateak ireki ditzakeen bide askeko trazatuaren parte izan ginen oiartzuarrok. Ze pribilegioa eta ze poza! 







Irailaren 12a, larunbata, deskantsatzeko eguntzat hartu genuen, aurreko bi egunetan galdutako indarrak zertxobait errekuperatzeko. Ez pentsa ordea, geldirik egon ginenik, ez horixe! Goizean L´Arboç herrian ibili ginen eta eguerdirako Banyeres del Penedés herrira joan ginen, bertako lagunek prestatu ziguten Paella jatera. Lehenago ordea, herria pixka bat bisitatu genuen eta hara non ikusi genuen, Carlo Magnoren garaian Marca Hispanikotik behera Penintsula konkistatu eta kristauTzeko herriz herri eraikitzen joan ziren dorreetako bat. Historia pixka bat ere ikasi genuen bai!








Arratsaldean Gizateriaren Ondare izendatua izan zen Erdi Aroko jatorria duen Montblanc herria bisitatzera joan ginen. Herria bisitatu eta ondare arkeologiko eta arkitektonikoa ezagutzeaz gain, 18:00etan herritarrek hainbat Castellersen erakustaldia egin zuten herriko plazan.











Afaltzera, berriz ere Banyeres del Penedésera itzuli ginen eta Parrillada aski goxoa egin ziguten, butifarra, saltxitxa, txistorra, hirugiharra... denetik jan genuen eta, nola ez, baita Pantumaca freskoa ere! Iluntzean gau giro ederra baldin bazegoen ere, berandu baino lehen L´Arboçera lotara itzuli ginen, hurrengo eguneko emanaldirako deskantsatu beharra baitzegoen.

Azkeneko eguna, irailaren 13a, igandea, izan genuen. Goizean goiz jeiki ginen, guztiak batera gosaldu, lozaku eta esterilla guztiak bildu eta emanaldirako jantziak jantzi eta zapiak antolatzeko. Dena antolatua utzitakoan, azken entsegua egin genuen eta 11:00etarako Banyeres del Penedésera abiatu ginen. 12:00etarako "Euskal jai giroa" antolatua zegoen, txistorra, sagardoa, gazta, euskal musika, Emarriko neskak eta euren harria eta Haurtzaro Dantza Taldearen parte hartzearekin. Herritar franko bildu zen euskal txokora eta agur esateko eta egonaldia eskertzeko izugarri emanaldi txukuna egin zuten gure dantzariek. Euskal jaia amaitutakoan, etxerako bideari ekin genion arratsaldeko 16:00ak aldera. Gaueko 22:30ak baino lehen Ikastolako aparkalekuan ginen berriz ere, aski nekatuak baina oso pozik eta alai igarotako lau egun ederrengatik.

Amaitu baino lehen, ez dugu bukatu nahi idatzi hau, bidaia aurrera eramaten lagundu duten laguntzaile guztiei eta, batik bat, bidaia guztia antolatu, kontaktuak egin eta emanaldiak bideratu dituen Aitziber Arnaizi eskerrak eman gabe, Eskerrik asko! Eskerrak baita ere, bihotz bihotzez, L´Arboç eta Banyeres del Penedéseko lagunei, batez ere, dantzariei, txistulariei eta monitoreoi euren herrian egindako harrera beroagatik eta euren borondatez egunero emandako guztiagatik.

Eta bukatzeko, ZORIONAK, bidaian horren dantzari finak izan diren eta halako emanaldi txukunak egin dituzten Haurtzaro Dantza Taldeko dantzari guztiei:

Garazi E., Goiuri, Udane A., Maialen, Ainhoa, Udane G, Irati, June, Alazne, Beñat U., Eñaut M., Iker G., Eneko A., Josu, Asier, Iker O., Eneko B, Beñat V., Gorka, Eñaut R. eta Ekhi.



*Kataluniako bidaiko argazki gehiago "Argazkiake eta Bideoak" atalean daude.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina