2019(e)ko ekainaren 24(a), astelehena


SAN JUAN BEZPERAKO SOKA DANTZA


    Inguruko herri guztietako dantzariek egiten duten bezala, Oiartzunen ere, San Juan egunaren bezperan Haurtzaro Dantza Taldeak San Juan bezperako soka-dantza ezaguna dantzatzeko ardura dauka. Hori dela eta, atzo ilunabarreko 20:30etan ohiturako soka-dantza egiteari ekin zioten Haurtzaro Dantza Taldeko hogei dantzari inguruk.


      San Juan kaperatik abiatu eta herriko plazan egin zuten dantza dantzariek eta azken urteetan bezalaxe, dantza taldeko dantzari helduenek izan zuten aurreskuaren eta atzeskuaren dantzak eginez soka gidatzeko gida-makila. Bertaratutako ikusleek aurreskuaren desafioa, aurresku eta atzeskuen aurkez-aurkeko desafioa, alpargata, bikoteei eskainitako ohorezko aurreskuak, pordon dantza, fandangoa eta arin arinaz gozatu ahal izan zuten, besteak beste. Amaitzeko kalejirarekin irten ziren dantzari gazteak suz berotutako plazatik.


        Eskerrik asko beste behin ere, dantzariei eta Lartaun Txistulari Taldeari eta udarekin batera, ongi hasi oporrak!





*Argazki gehiago "Argazkiak atalean".

2019(e)ko ekainaren 22(a), larunbata


HERRERAKO LEHENENGO DANTZARI TXIKI!


      Lehenengo aldiz, Herri Ametsa Ikastolak dantzari txiki eguna antolatu du Herreran eta Herri Ametsa Ikastolako dantza taldearekin batera izan da Haurtzaro Dantza Taldea gaur goizean!

         Aipaturiko bi taldeekin, AƱorgako Dantza Taldea eta Alkartxiki Dantza Taldea ere bertan izan dira eta dantzari guztien artean, inguruko auzo eta kaleak euskal dantza eta musikaz alaitu dituzte. Haurtzarokoen artean Talde Arroxako, Horiko eta Txuriko dantzariak izan dira bertan eta Gipuzkoako dantzez osatutako emanaldia eskaini dute. Ondoren, Herrerako plazan elkarrekin zazpi jauzi, polka pik, anulelul eta beste zenbait dantzarekin bukaera eman diogu ekitaldiari. Amaitzeko bertako elkarteak eskainitako hamaiketako goxoaz gozatu dugu bertaratutako guztiok!

           Bejondeizuela dantzari guztiei eta eskerrik asko Lartauni eta, nola ez, Herri Ametsa Ikastolako dantza taldeari gonbidapena luzatzeagatik! Hurrengora arte!



*Argazki gehiago "Argazkiak" atalean.

2019(e)ko ekainaren 16(a), igandea

ERGOIENGO JAIETAN IZAN DIRA HAURTZARO DANTZA TALDEKO DANTZARIAK!


    Urtero bezela, atzo ere, hilaren 15ean, goizeko 12:00etan Haurtzaro Dantza Taldeko dantzariak Ergoien auzoan izan ziren, auzoko jaiei dantza soinuak ematen. 

   Aurtengoan Gerezien taldeko mutilak, eta Horien eta Txurien taldeko neska dantzariak izan ziren bertan eta Gipuzkoako eta Bizkaiako dantzez osatutako emanaldi txukuna eskaini zuten. Horien artean Agurra, Belauntxingoa, Jorrai Dantza, Zinta Dantza, Banakoa, Agintariarena, Arrantzale eta beste hainbat dantza eskaini zituzten dantzariek.

     Bertaratutako ergoiendar eta dantzazaleek, emanaldi goxo eta biziaz gozatu ahal izan zuten! Bejondeizuela dantzari guztiei ikasturtean zehar ikasitakoa ahal bezain ongien erakusteagatik. Eta eskerrik asko nola ez Lartaun Txistulari Taldeari eta bereziki, Ergoiengo jaien antolatzaileei, aurtengoan ere bertan izateko gonbidapena luzatzeagatik! Mila esker!






**Argazki gehiago "Argazkiak" atalean.


2019(e)ko ekainaren 6(a), osteguna



HAURTZARO DANTZA TALDEAREN IKASTURTE BUKAERAKO EMANALDI BEREZIA


Haurtzaro Dantza Taldea, aurtengo ikasturtean ere herriko eta inguruko herrietako hainbat emanaldietan dantzan ibili da, astero-astero dantza taldeko dantzariek irakasleen laguntzaz ikasten dituzten dantzak erakutsiz. Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako, Nafarroako, Lapurdiko, Behenafarroako eta baita Zuberoako hainbat dantza ere ikasten eta erakusten dituzte dantzariek plazaz plaza. Ohikoak dira auzoko jaietan egiten dituzten dantza emanaldiak, inguruko herrietako dantzari txikiak, herriko ekitaldiak… Baina sekula baino gogo handiagoz prestatu ohi dugun emanaldia, bi ikasturtez behin ekaina aldean egin ohi dugun emanaldi berezia izaten da!

Aurtengoan gainera, ukitu berezia izan du emanaldiak, azken hilabetetan horren famatua egin den Telmo Esnalen, DANTZA filmari keinu egin nahi izan baitiogu. Luzemetraiaren irudiak eta estetikaz baliatuz, euskal dantzari eta euskal kulturari egin dion ekarpen garrantzitsua eskertu eta oiartzuarrongana hurbildu nahi dugu, entseguro eta emanaldiro egiten dugun lanari indarra eta balioa eman baitio filmak.

Emanaldia ohikoak baino handiagoa denez gero, dantzari eta irakasleak ez dira nahikoak izan guztia aurrera eramateko eta horregatik Dantza Taldeko Guraso Komisio ere indartsu ibili da lanean. Komisioaren gidaritzapean, jostunak, musika arduradunak, dekorazio kontuekin ibilitakoak, grabazioaren arduradunak, argazkilariak… burubelarri lanean ibili dira, emanaldiaren ertz guztiak borobildu eta guztia nahi bezala ateratzeko.

Gurekin batera izan genituen baita ere, gure dantzei musika jartzen, Haurtzaro Ikastolako trikitilariak eta Jon Ansorena, Idoia Ansorena eta Aritz Ezeiza txistulariak. Esker mila bihotz bihotzez.

Hau horrela, betiko dantzak eta ez horren betikoak, betiko moduan eta ez horren betikoan ikusi eta gure dantza taldearen lanarekin momentu goxoa pasa zenutelakoan,  eskerrik asko emanaldira bertaratu zineten guztioi, zorionak dantzari txiki eta handi guztiei eta hemendik bi urteko emanaldira arte! Dantzan bizi!


























*IKASTURTE BUKAERAKO EMANALDIKO ARGAZKI GEHIAGO ESTEKA HONETAN

*Hurrengo egunetan argazki gehiago eskuragarri jartzen joango gara.



GOIZEKO ENTSEGUKO ARGAZKI ZENBAIT









*Goizeko entsegu orokorreko argazki gehiago ESTEKA HONETAN

2019(e)ko ekainaren 3(a), astelehena



IKASTURTE BUKAERAKO EMANALDI BEREZIA


   Bi urtetik behin ilusio handiz antolatzen dugun emanaldi bereziaren laburpena duzue oraingoz esteka honetan. Gozatu! EMANALDIAREN LABURPEN BIDEOA