2019(e)ko ekainaren 6(a), osteguna



HAURTZARO DANTZA TALDEAREN IKASTURTE BUKAERAKO EMANALDI BEREZIA


Haurtzaro Dantza Taldea, aurtengo ikasturtean ere herriko eta inguruko herrietako hainbat emanaldietan dantzan ibili da, astero-astero dantza taldeko dantzariek irakasleen laguntzaz ikasten dituzten dantzak erakutsiz. Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako, Nafarroako, Lapurdiko, Behenafarroako eta baita Zuberoako hainbat dantza ere ikasten eta erakusten dituzte dantzariek plazaz plaza. Ohikoak dira auzoko jaietan egiten dituzten dantza emanaldiak, inguruko herrietako dantzari txikiak, herriko ekitaldiak… Baina sekula baino gogo handiagoz prestatu ohi dugun emanaldia, bi ikasturtez behin ekaina aldean egin ohi dugun emanaldi berezia izaten da!

Aurtengoan gainera, ukitu berezia izan du emanaldiak, azken hilabetetan horren famatua egin den Telmo Esnalen, DANTZA filmari keinu egin nahi izan baitiogu. Luzemetraiaren irudiak eta estetikaz baliatuz, euskal dantzari eta euskal kulturari egin dion ekarpen garrantzitsua eskertu eta oiartzuarrongana hurbildu nahi dugu, entseguro eta emanaldiro egiten dugun lanari indarra eta balioa eman baitio filmak.

Emanaldia ohikoak baino handiagoa denez gero, dantzari eta irakasleak ez dira nahikoak izan guztia aurrera eramateko eta horregatik Dantza Taldeko Guraso Komisio ere indartsu ibili da lanean. Komisioaren gidaritzapean, jostunak, musika arduradunak, dekorazio kontuekin ibilitakoak, grabazioaren arduradunak, argazkilariak… burubelarri lanean ibili dira, emanaldiaren ertz guztiak borobildu eta guztia nahi bezala ateratzeko.

Gurekin batera izan genituen baita ere, gure dantzei musika jartzen, Haurtzaro Ikastolako trikitilariak eta Jon Ansorena, Idoia Ansorena eta Aritz Ezeiza txistulariak. Esker mila bihotz bihotzez.

Hau horrela, betiko dantzak eta ez horren betikoak, betiko moduan eta ez horren betikoan ikusi eta gure dantza taldearen lanarekin momentu goxoa pasa zenutelakoan,  eskerrik asko emanaldira bertaratu zineten guztioi, zorionak dantzari txiki eta handi guztiei eta hemendik bi urteko emanaldira arte! Dantzan bizi!


























*IKASTURTE BUKAERAKO EMANALDIKO ARGAZKI GEHIAGO ESTEKA HONETAN

*Hurrengo egunetan argazki gehiago eskuragarri jartzen joango gara.



GOIZEKO ENTSEGUKO ARGAZKI ZENBAIT









*Goizeko entsegu orokorreko argazki gehiago ESTEKA HONETAN

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina