2016(e)ko ekainaren 26(a), igandea

SAN JUAN BEZPERA

Ekainaren 23an, urtero lez, Oiartzungo Plazan Soka Dantza egin du Haurtzaro Dantza Taldeak. 18.30etan bildu ginen liburutegian eta 19.00etan abiatu ginen plazara.

Aurten inoiz baino dantzari gehiagok hartu zuten parte talde urdinekoak, udareak, berdeak eta laranjak aritu ziren. Zenbait aldaketa ere egin ditugu; lehen aldiz aurreskulari eta atzeskulariak neskak izan dira eta bigarren desafioa egin dute zortzikoaren partez.

Soka Dantza luze eta indartsua lortu genuen, sua piztu eta udarari ongi etorri beroa emanez.

Mila esker parte hartu zenuten dantzari guztiei eta baita bertara hurbildu zineten ikusle guztiei ere.














2016(e)ko ekainaren 22(a), asteazkena

EUGIKO DANTZARI TXIKI EGUNA!

Aurreko larunbatean, ekainaren 18an, Nafarroan izan ginen, Eugi herrian hain zuzen ere. Lehenengo aldia da Haurtzaro Dantza Taldea Eugira joaten dela eta oso esperientzia polita izan zen. Goizeko 9:15etan gelditu ginen Ikastolako parkinean Eugiruntz abiatzeako, bidaia besteetan baino luzeagoa baitzen.

Bertara iritsi eta herriko frontoian elkartu ginen beste dantza taldeekin eta bertan haimaiketako goxoa egin genuen dantzan hasi aurretik. Eguraldia zela eta, hasiera batean emanaldi guztia frontoian egitea erabaki zuten bertako antolatzaileek, baina hala eta guztiz ere, eguzkia atera nahian zebilenez herrian zehar desfilea burutu ahal izan genuen.

Jarraian, esan bezala, frontoian bildu eta emanaldiari hasiera eman genion. dantzari guztiek Agurra eta Agintariarena elkarrekin dantzatu zituzten. Ostean,  dantza talde bakoitzak 10 minutuko ikuskizuna eskaintzeko tartea izan genuen eta guk honako dantza hauek eskaini genituen: Belauntxingo, Alpargata, San Juan Zortzikoa eta Igitai Dantza. Eta azkenik, goizari amaiera emateko dantzari guztiek berriro ere elkarrekin Txaperoak, Ipurdi Dantza eta Lantzeko Zortzikoa dantzatu zituzten, jarraian kalejira alai eta luze batekin amaituz.

Bazkaldu ere frontoian bertan egin genuen, antolatzaileek sukaldatutako paella handi eta goxoa janaz. Oso gustora egon ziren Haurtzaro Dantza Taldeko dantzariak elkarrekin, eta bazkaldu ostean, kanpora irten eta jolasten aritu ziren. 16:30ak aldera berriro ere autobusera igo eta Oiartzunera buelta egin genuen.

Oso egun polita izan zen, herri berri bat ezagutzeaz gain primeran pasa eta esperientzia berria izan zen. 

Mila esker zuen dantzari txikira gonbidatzeagatik eta baita hurbildu ziren guraso eta lagunei ere!
Eskerrik asko Asier Etxebesteri ere argazkilari lanetan aritzeagatik!




2016(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena

ERGOIENGO FESTAK

Aurreko larunbatean, ekainaren 11an, Ergoien auzoan izan ginen. Urtero bezala, bertara hurbildu eta Haurtzaro Dantza Taldeko dantzariek beraien ikuskizuna eskaini zuten.

Goizeko 11:15 aldera elkartu ginen Uztapide Plazan eta emanaldia 12:00etan hasi zen. Talde Horia, Talde Urdina eta Udareen taldea izan ziren emanaldia burutu zutenak eta honako dantza hauek eskaini zituzten: Agurra, Belauntxingo, Alpargata, Zinta Dantza, Makil Txiki, Banakoa, Boastitzea, Uztai Handi, Txontxongilo, Agintariarena, San Juan Zortzikoa eta Arin arina. 

Emanaldiari amaiera emateko kalejira luze eta alaia egin genuen. Oso ikuskizun polita izan zen etea ederki dantzatu zuten talde bateko zein besteko dantzariek. ZORIONAK!!

Gainera, dantzaldiaren ostean hamaiketako goxo goxoa eskaini ziguten bertakoek eta horrela eman genion amaiera larunbat goizari.

Mila esker berriro ere gonbidapena luzatu izanagatik eta eskerrik asko antolatzaile eta laguntzaile guztiei!! LASTER ARTE!



2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

Zumaiako Dantzari Txiki Eguna

Igande honetan, ekainaren 4an hain zuzen, Haurtzaro Dantza Taldea Zumaian izan zen Dantza Txiki Egunean. Talde Laranjari, Talde Berdeari, Talde Txuriari eta Gerezien Taldeari egokitu zitzaion bertara joan eta ikasturtean zehar ikasitako dantzak plazer handiz erakustea.

Goizeko 10:00ak aldera abiatu ginen Oiartzundik eta segituan iritsi ginen bertara. Azken ensaioak eta prestaketak burutu eta hamaiketako goxo goxoa egin ondoren Zumaiako kaleetan barrena abiatu ginen desfilean eta dantzan. Dantza ugari erakutsi genizkien bertara hurbildu zirenei, hala nola, Agurra, Ezpata Dantza, Txontxongilo, Uztai Haundi eta Txulalai.

Goizari amaiera emateko, herriko plazan bildu ginen dantzari guztiak eta bertan, dantza talde bakoitzak pare bat dantza dantzatu zituen. Beraz, Haurtzaro Dantza Taldeak San Juan Zortzikoa eta Belauntxingo dantzatu zituen. Amaieran, kalejira alai batekin bukatu genuen goiza.

Dantzariek etxe eta familia ezberdinetan bazkaldu ondoren, berriro ere plazan elkartu eta bertako erromeriaz disfrutatu ondoren 18:00ak aldera autobusa hartu eta gure herrira itzuli ginen.

Oso egun polita izan zen. Dantzariek ederki dantzatu eta primeran pasa zuten. Mila esker antolatzaile eta laguntzaile guztiei, egun bikaina izan baitzen!